Oarsoarrak

Albisteak

ohiturak aldatzeko urratsak OARSOALDEKO ESKOLA KIROLEAN

2023-06-09

Eskola Kirolean, kirola, heziketa eta osasuna oso eduki garrantzitsuak dira. Hiru eduki horiek lotu nahian, duela urte batzuk Oarsoaldeko eskola kirolaren parte diren eragileek, haurrek larunbatetako jardueretara joateko erabiltzen zuten garraio moduan jarri zuten arreta.

Saioetara joateko gehien erabiltzen zen desplazamendu modua nor bere autoan joatea zela nabarmendu zuten, hau da, haur bakoitza auto batean.

Kirola praktikatzera joateko ibilgailu bat hartu behar izatea, berez, inkoherentzia dela ikusita, naturarekiko ardura eta desplazamendu jasangarrien aldeko apustua egin zen.

Horretarako 2013/2014 denboraldian desplazamendu jasangarriak erabiltzeko plana jarri zen martxan. Planaren helburua zen bakarkako autoaren erabilera murriztea. Bizikletan, oinez, garraio publikoan edo auto partekatuan gehiago desplazatzeko asmoz, hainbat ekimen jarri ziren martxan, hala nola, gurasoak desplazamendu jasangarriak egitera animatu, bizikletan desplazatzen ziren haurrak saritu eta abar.

Datu bilketa hori eskola kiroleko asteburu guztietako jardunaldietan egiten da geroztik, haur bakoitza nola desplazatu den jakiteko.

Proiektua martxan jarri zenetik kirol instalakuntzetara desplazatzeko modua aldatu egin da eta aipagarriena bizikletaren erabilera hazi izana da.

2022-2023 denboraldian berriz ere denon ahaleginari esker, haurrak larunbatero alde batera eta bestera txirrinduz desplazatzen ikustea normalizatu egin da. Poz handia ematen du haur horiek txikitatik desplazamendu jasangarriak egitearen onurak barneratzen joateak, bizitza osoan izango duten jokaera normalizatzeko.

Aurtengo ikasturtean hauek izan dira datu onenak lortu dituzten haur eta ikastetxeak eta, ondorioz, ongi merezitako opariak jasoko dituzte:

- Bizikletan desplazamendu gehien egin dituen KOLDO MITXELENA IKASTETXEA izanik, bi bizikleta jasoko ditu sari moduan.

- Desplazamendu jasangarri gehien egin dituen ikastetxea TELLERI izanik, sari gisa bizikleta bat jasoko du.

- Bizikletan desplazamendu gehien egin dituen ikasleari patinete bat oparitzen zaio. Koldo Mitxelenako LIBE RODRIGUEZ izan da aurtengo irabazlea. 19 jardunalditara joan da bizikletaz eta horregatik patinete bat jasoko du opari.

- Eskualdeko 11 ikastetxeetako 400 ikasle izan dira urtean zehar gutxienez desplazamendu bat bizikletaz egindakoak. Guztien artean bizikleta bat zozkatu da eta sariduna LEZO HERRI ESKOLAko ANE ASKASIBAR izan da.

- Sari ematea amaitzeko, behin gutxienez txirrinduz desplazatutako 400 haur horietako bakoitzak bizikletarako txirrina bat jaso dute.

Amaitzeko, datozen urteetan ere garraio modu jasangarri hauek erabiltzen jarraitzera animatu dituzte ikastetxe, ikasle eta familia guztiak. Dibertigarriagoa, osasungarriagoa eta daukagun planeta polita zaintzeko gure esku dagoen zerbait izanik, horretan jarraitzeko eskatu diete, zorionak emateaz batera.


atzera

HARREMANETARAKO

© Oarsoaldea Garapen Agentzia
Astigarragako bidea 2, Mamut eraikina 2. solairua
20180 Oiartzun (Gipuzkoa)
T.: 943 494 129 / F.: 943 491 894
Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

AZKEN TXIOAK

© 2020 Oarsoaldea Garapen Agentzia · Garapena eta diseinua: iametza
  • udalak