Oarsoarrak

Albisteak

Zuberoa jatetxea eta Xixilio Maritxalar izango dira aurtengo Oarsoarrak Euskararen Sariaren hartzaileak

2022-11-18

2010az geroztik Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eman ohi duen Oarsoarrak Euskararen Saria Xixilio Maritxalar euskaltzale errenteriarrari eta Oiartzungo Zuberoa jatetxeari emango diete aurten.

Eskualdeko euskalgintzako ordezkariek osatutako epaimahaiak, mahai gainean izan dituen proposamenak aztertu ondotik, Xixilio Maritxalarrek euskararen erabilera areagotzeko bideak jorratzen egindako lanagatik eta ezarritako oinarriarengatik, eta Zuberoa jatetxeari, hasiera-hasieratik jatetxean euskarari zor zaion lekua eman izanagatik eta gerora ere hala jarraitzeagatik, euskal sukaldaritza euskaraz egiten. Euskaraz naturaltasunez aritzeko ezarri duen ereduagatik aitortza publikoa egitea hobetsi du.

Xixilio Maritxalar Labandibar errenteriarra da. 1949an, Errenteriako familia euskaldun batean sortua. Familiarengandik hartu zuen euskararekiko eta euskal kulturarekiko maitasuna. 2000. urtetik Errenteriako Lau Haizetara Euskaldunon Elkartean ari da euskara sustatzen. Xixilio Mintzalaguna egitasmoaren sortzaileetako bat izan zen; argi ikusten baitzuen euskaraz bizi zirenen eta euskaraz bizi nahi zutenen arteko zubiak eraiki beharra zegoela. Orduz geroztik egitasmo horren erreferente da herrian.

Horrez gain, haurrentzako Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejiraren sustatzailea ere bada Xixilio, protagonismo handiz gainera. Lau Haizetarako zuzendaritzako kide da elkartean sartu zenez geroztik eta eguneroko lanean nekaezina da, jarduera batean ez bada, bestean. Oso maite dute herritarrek.

1970ean Oiartzungo Iturriotz auzoko Garbuno baserrian Arbelaiztarrek zabaldu zuten familiako jatetxea da Zuberoa. Maria, Amak, eta Angeles, izebak, egiten zuten euskal sukaldaritza tradizionalean oinarrituz, joera berriak ere bere egin dituen estiloa da Zuberoa jatetxearena. Familia baserrian aritzen zenean, euskaraz bizi ziren eta jatetxeko lana hartu zutenean ere euskaraz jarraitu zuten normaltasun osoz, hori baitzen haientzako bide naturala. Gastronomia alorrean diren sari ia guztiak jaso dituztelarik, Michelin izarrak eta abar, ez diote euskarari inoiz uko egin eta euren nortasun ikur izan da ibilbide guztian barrena. Zerbitzua euskaraz eman diote nahi izan duen guztiari eta euren sukaldean euskara izan da lan hizkuntza nagusia.

Eskualdeko lau udalek eta Lau Haizetarak, Oarsoaldeko AEK-k, Oarso Bidasoko Hitzak, Errenteriako Udal Euskaltegiak eta Ttur-ttur euskaltzaleon bilguneak osatutako epaimahaiak sari emate ekitaldian parte hartzera deitu dituzte eskualdeko herritarrak.

2022ko Oarsoarrak saria abenduaren 2an jasoko dute sarituek, iluntzeko 19:00etan, Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan egingo den ekitaldian. Ekitaldi irekia izango da, ohi bezala.


atzera

HARREMANETARAKO

© Oarsoaldea Garapen Agentzia
Astigarragako bidea 2, Mamut eraikina 2. solairua
20180 Oiartzun (Gipuzkoa)
T.: 943 494 129 / F.: 943 491 894
Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

AZKEN TXIOAK

© 2020 Oarsoaldea Garapen Agentzia · Garapena eta diseinua: iametza
  • udalak