Oarsoarrak

Albisteak

TALENTUA: ENPRESENTZAKO ERRONKA ETA PERTSONENTZAKO AUKERA

2024-03-06

 

Talentua eta lanaren zentzua izango dira Enpatikonomiaren 4. edizioko mintzagai nagusia

 

Suspertuz egitasmoaren harira, enpresen egoera eta beharrak ezagutzeko egindako azterketek euren kezka nagusia, egun, talentuaren kudeaketa dela nabarmendu dute. Oarsoaldea Garapen Agentziak talentuaren gaia aspalditik du begi puntuan. Orain gai horren ertz ezberdinak lantzeari ekin dio. Pertsonak, langileak daude erdigunean eta haiekiko jokabide eta lanketa egokiak giltzarri dira talentuaren gaiari osoki heltzeko.

Hasteko, talentuari eskainitako web atala sortu da web gune nagusiaren barnean. Web horrek gaiari buruzko topaleku izan nahi du enpresentzat eta gaiari buruzko interesa duten banakoentzat; artikuluak, hausnarketak, lan akademikoak, liburuak, hitzaldiak, audioak, bideoak eta abar aurki daitezke bertan. Nahi duen orok zabalik du bertan parte hartzeko aukera eta, hala, atal hori elikatzen laguntzekoa.

Bestetik, martxoaren 15erako Enpatikonomia jardunaldiaren laugarren edizioa antolatu du Oarsoaldeak Oiartzungo Zinealdean Zinealdea eraikina (Lintzirin gaina industria gunea. Oiartzun), goizeko 09:00etan hasita. Jardunaldiak lanaren zentzua eta talentua izango ditu ardatz eta XXI. mendeko enpresa aurreratu izateko bidean gai horiek nola kudeatu ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Hitzaldiak, mahai-inguruak eta praktika onak baliatuz, talentua sortu, garatu, elikatu, eutsi, zaindu, erakarri… egiten dela ikasiko dute bertaratutakoek. Jardunaldia euskaraz izango da eta hain zuzen ere, euskara eta hizkuntzen kudeaketa egokia talentua erakartzeko eta zaintzeko funtsezko tresna dela azalduko dute, besteak beste (Ikus egitaraua). Jardunaldiaren amaieran, halaber, aitortza berezia egingo zaie euskara normalizatzeko era bateko edo besteko urratsak egin dituzten eskualdeko enpresei.

Jardunaldira presentzialki joateko aukeraz gain streaming bidez ikusi ahalko da.

Bertaratu nahi baduzu, eman izena!

Jardunaldia streaming bidez jarraitu dezakezu webgune honetatik.

Otsailaren 16an, galdetegi digital anonimo bat zabaldu zuen garapen agentziak lanbide heziketako ikasleek, langileek eta herritarrek, oro har, lanari buruz dituzten usteak eta lanaren zein alderdi baloratzen duten gehien ezagutzeko. Galdetegia oso laburra da eta erraz betetzeko modukoa, euren iritzia ematera animatu dituzte herritarrak (Bete galdetegia).

Azkenik, jardunaldiaren ondotik, apirilaren 19an, gaiari buruzko lan-ondoko bat egiteko asmoa du Oarsoaldea Garapen Agentziak. Lan ondoko hori oraindik zehaztu gabeko leku eta ordu batean izango da, arratsaldez izango da, hori bai. Gaiaren inguruan hizketan eta hausnarrean jarraitu nahi duten pertsona eta eragileei zabalik egongo da. Modu hurbilago eta informalago batean solasean aritzeko aukera emango du ekitaldiak eta eskualde honetarako ideiak, ildoak eta elkarlanak josteko aukera eman dezakeela sinetsita daude agentziako arduradunak. Ahize AEK-ko teknikariek dinamizatuko dute saioa.

Eskualdeko lau udalek eta Oarsoaldea Garapen Agentziak dei egin diete lau herrietako enpresei talentuari buruzko lanketa horietan aktiboki parte-hartzera.


atzera

HARREMANETARAKO

© Oarsoaldea Garapen Agentzia
Astigarragako bidea 2, Mamut eraikina 2. solairua
20180 Oiartzun (Gipuzkoa)
T.: 943 494 129 / F.: 943 491 894
Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

AZKEN TXIOAK

© 2020 Oarsoaldea Garapen Agentzia · Garapena eta diseinua: iametza
  • udalak