2024-03-19
Joan zen ostiralean, martxoak 15, egin zen Enpatikonomiaren laugarren edizioa Oiartzungo Zinealdean. Hirurogei bat lagunek jarraitu zuten jardunaldia bertatik bertara eta beste ehun bat lagunek EITBk prestatutako streaming bidez egin zuten. Arantxa Iraola eta Naroa Iturri aurkezleek gidatu zuten 16 hizlariren jarduna eta Oskar Estanga bertsolari-abeslariak egin zituen laburpen musikatu eta umoretsuak.
Jardunaldiak lanaren zentzua eta talentua izan zituen ardatz eta XXI. mendeko enpresa aurreratu izateko bidean gai horiek nola kudeatu ikusteko aukera izango zuten bertaratu zirenek. Hitzaldiak, mahai-inguruak eta praktika onak baliatuz, talentua ertz ugariko gai konplexua dela jabetu ahal izan zuten enpresetako eta erakundeetako ordezkariek. Enpresen kezka nagusietako bat bihurtu da egungo testuinguruan. Gaiari heldu baino ez zaio egin oraindik eta hizlari guztiek gai giltzarritzat jo zuten, begiratzen zaion ikuspuntutik begiratuta ongi zaindu beharreko ardatza da talentua. Lanaren zentzuari dagokionez, lana gure bizitzaren parte izatearen garrantzia nabarmendu zen. Horretarako, ordea, lanak ezaugarri eta baldintza zehatz batzuk bete behar ditu, bateragarri izan behar du denon bizitzekin. Askotan bereizi ohi ditugun lana eta bizitza lerratuta garatuko bagenitu, onurak denontzako izango liratekeela nabarmendu zuten gaian aditu direnek.
Jardunaldiaren amaieran, halaber, aitortza berezia egin zitzaien euskara normalizatzeko era bateko edo besteko urratsak egin dituzten eta ziurtagiriren bat (Bai Euskarari, Harrobia, Bikain) duten eskualdeko 28 enpresei. Horietarik bost bertan izan ziren -ABB Niessen, Katea Legaia, ACM arkitektua, Orereta Ikastola eta Zaharrak Berri- eta oroigarri xume bat jaso zuten udal ordezkarien eskuetatik.
Apirilean gaiari buruz hizketan eta hausnarrean jarraitzeko lan-ondokoa antolatzeko asmoa du Oarsoaldea Garapen Agentziak. Eguna, lekua eta ordua zehaztean, jakinaraziko dituzte interesa duten guztiek parte hartu ahal izan dezaten.
atzera
HARREMANETARAKO
© Oarsoaldea Garapen AgentziaAZKEN TXIOAK
AZKEN ALBISTEAK
ZABALIK DA KUADRILLATEGIN IZENA EMATEKO EPEA
LOTURAK