Oarsoarrak

Albisteak

ANTTON VALVERDE ABESLARIA ETA OARSOALDEKO GAZTE-TALDE EUSKALTZALEAK IZANGO DIRA AURTENGO OARSOARRAK EUSKARAREN SARIAREN HARTZAILEAK

2023-11-17

2010az geroztik Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eman ohi duen Oarsoarrak Euskararen Saria Antton Valverde abeslariari eta Oarsoaldeko gazte-talde euskaltzaleei emango diete aurten.

Eskualdeko euskalgintzako ordezkariek osatutako epaimahaiak, mahai gainean izan dituen proposamenak aztertu ondotik, eskualdeko herrietan lanean ari diren gazte-talde euskaltzaleek Euskaraz naturaltasunez aritzeko ematen duten ereduagatik aitortza publikoa egitea hobetsi du. Halaber, Antton Valverdek euskarazko kantugintzari jarritako oinarria, eta bertsogintzari eta euskarazko kulturari egin dion ekarpen itzela nabarmendu eta goraipatu ditu.

 

Eskualdeko gazte-talde euskaltzaleak

Azken zazpi-zortzi urtean eskualdeko herri guztietan gazte mugimendu berri baten loraldia izan da, zorionez. Antxoko Topagunea, Antxoko Papingo Gazteria, Trintxerpeko Korkoiburuak, Lezoko Piztu Lezo, Oiartzungo Biyurrienea eta Oreretako Gazte Asanblada, alegia.

Gazte talde horiek, bakoitza bere herrian sortuak izan arren, badituzte ezaugarri komun bi gutxienik. Lehenengoa, gazteengandik eta gazteentzako sortzen edo antolatzen duten jarduna euskaraz egiten dutela normaltasun osoz. Eta bigarrena, euskararen alde egin behar denetan; dela jairen batean, dela mobilizazioren batean nahiz aldarrikapenen batean… parte aktiboa hartzen dute beti. Beraz, euskaraz bizi dira eta euskara aldarrikatzen dute.

Euren jardunarekin gazte talde hauek euskararen normalizazioan eragiten dute, zabaltzen dute euskararen uhina eta gazte gehiago erakartzea lortzen dute. Horrez gain, herrietako gainerako elkarteekin eta beste herrietako gazteekin elkarlana ere egiten dute. Euskalgintza eta herrigintza egiten dute, txanpon beraren bi aldeak, hain zuzen ere.

 

Antton Valverde

Bestalde, Antton Valverde Lamsfus Donostian sortu zen 1943an. Aita Antonio eta ama Maria Dolores errenteriarrak ziren. Aita “Ayalde” margolari ospetsua zen eta familiak Aialde etxea zuen Oiartzunen. Hasieran udarak igarotzen zituzten han baina gerora bertan geratu ziren bizitzen. Aita margolariaren eta haren lagunen eraginari esker eta Izeba Maria Jesus organo jolearen eraginari esker, ttikitatik artearen munduan murgilduta bizi izan zen. Gainera, Anttonek haurtzarotik adierazten zituen musikarako doaiak, eta sei urterekin Pepita Iribas musika irakaslearekin hasi eta piano ikasketak Francisco Escudero musikagilearekin bukatu zituen arte solfeo-harmonia eta konposizioa egin zituen.

1960ko hamarkadan garaiko euskal kantagintzaren giroan murgildu zen. EZ DOK AMAIRU taldeko partaide ez izan arren, garaiko kantari batzuekin, Xabier Lete, Lurdes Iriondo eta Marian Arregirekin diskoak argitaratu zituen lankidetzan. Oskarbi taldeko kide ere izan zen. Julen Lekuonarekin eta Xabier Leterekin ere harreman berezia izan zuen. Azken horrekin hura hil arte iraun zuena. 1978an kantaldi publikoak utzi zituen baina 1983an, berriz ekin zien. Lanbidez, alabaina, aitak zabaldutako grafikagintza enpresako arduraduna izan da erretiroa hartu arte.

13 disko eta bi DVD argitaratu ditu eta beste disko batzuetan partaide izan da. Lizardi eta Lauaxeta poetak bereziki gustuko izan ditu beti eta haien poemak musikatzea bereziki maite izan du.

Anttoni eta bera bezala garaikide izan ziren kantautore guztiei esker, egun euskaraz abesten duten kantarien kontzientziaren transmisioa ez da eten eta hori goraipatzekoa da.

 

Eskualdeko lau udalek eta Lau Haizetarak, Oarsoaldeko AEK-k, Oarso Bidasoko Hitzak, Errenteriako Udal Euskaltegiak eta Ttur-ttur euskaltzaleon bilguneak osatutako epaimahaiak sari emate ekitaldian parte hartzera deitu dituzte eskualdeko herritarrak.

2023ko Oarsoarrak saria abenduaren 1ean jasoko dute sarituek, iluntzeko 19:00etan, Oiartzungo Landetxe eraikineko aretoan egingo den ekitaldian. Ekitaldi irekia izango da, ohi bezala.


atzera

HARREMANETARAKO

© Oarsoaldea Garapen Agentzia
Astigarragako bidea 2, Mamut eraikina 2. solairua
20180 Oiartzun (Gipuzkoa)
T.: 943 494 129 / F.: 943 491 894
Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

AZKEN TXIOAK

© 2020 Oarsoaldea Garapen Agentzia · Garapena eta diseinua: iametza
  • udalak