Oarsoarrak

Albisteak

Oarsoaldeko Lanbide Heziketako Lantokiko Praktikak euskaraz sustatzeko proiektua Euskaraz, talentua gara! egitasmoko praktika ona izendatu da

2020-11-24

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzak eta Hezkuntza saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, Lanbide Heziketarako euskarazko baliabideez eta euskarazko LP-Dualaz arduratzen den LANEKI elkarteak eta euskara eta berrikuntza sozialean aholkularia den EMUN kooperatibak esperientzia pilotua abiatu dute elkarlanean, Lanbide Heziketako LP-Duala euskaraz egitea sustatu asmoz. Euskaraz, talentua gara! lemapean, egiten ari diren ekimenetako bat, Gipuzkoako praktika onak identifikatu eta zabaltzeko kanpaina da.

Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikastetxeen, erakundeen, lantokien, elkarteen… zazpi praktika on eta esperientzia eredugarri identifikatu dira eta bakoitzarekin bideoa osatu da ondoren Gipuzkoan zabaltzeko. Horrelako ekimenak beste eskualdeetan ere martxan jar daitezen praktika onak partekatzea da helburua.

‘Euskaraz, talentua gara!’ proiektuko beste ekimenetan azalduko da baita ere Oarsoaldeko praktika ona: Ikastetxeetako hainbat arduradunentzako (Lanbide Heziketako zuzendaritzako kideak, Hizkuntza Normalkuntza Arduradun Teknikariak, LP-Dualeko arduradunak eta tutoreak, irakasleak) antolatu diren solasaldietan eta Lantokietako arduradunekin egiten ari diren solasaldietan, besteak beste. Solasaldi hauetan praktika onak zabaltzeaz gain, hizkuntzen erabileraz eta funtzioez gogoeta egin eta euskarak lan munduan duen balio erantsia erakutsiko da.

2018-2019 ikasturtean, Gipuzkoan, adibide gisa, 1.130 enpresatan egin zuten LP-Duala euskaraz. Horietan guztietan banatuta, 1.506 ikaslek egin zituzten enpresetako lanaldiak euskaraz, dela lan prestakuntza gisa (1.109), dela Lanbide Heziketa Dualeko ikasle gisa (397). Guztira, berriz, 4.016 ikaslek egin zuten ikasturte hartan LP nahiz Duala, euskaraz zein gazteleraz. Praktika onen zabalkundearekin proportzio horretan “jauzi” bat eman eta euskarazko LP-Duala ikasle eta lantoki gehiagorentzat erakargarri izatea nahi da. Aldi berean, euskarazko LP nahiz Dualak lantokiaren barneko hizkuntza ohituretan eta euskararen erabileran “arrasto” bat utzi dezan mekanismoak ezartzeko ereduak ematen dira.

Oarsoaldeko praktika onaren bideoa eskuratu hemendik: https://youtu.be/yxmPzrEgRwA

Harremanetarako kontaktua: jakinbai@jakinbai.eus / tel: 688 758 569 (Olatz Imaz)


atzera

HARREMANETARAKO

© Oarsoaldea Garapen Agentzia
Astigarragako bidea 2, Mamut eraikina 2. solairua
20180 Oiartzun (Gipuzkoa)
T.: 943 494 129 / F.: 943 491 894
Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

AZKEN TXIOAK

© 2020 Oarsoaldea Garapen Agentzia · Garapena eta diseinua: iametza
  • udalak