Oarsoarrak

Albisteak

Eskola kiroleko 2022-2023 ikasturteko datuen aurkezpena egin dute Pasai Donibanen

2022-11-15

Nesken parte hartzea gorantz doa eta ikasleen erdiak baino gehiagok eskola kirola egiten du (%59,22)

Oarsoaldeko (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia) lau herrietako kirol zinegotziek – Irlentz Ortega (Lezo), Enekoitz Markos (Oiartzun), Lore Suarez (Pasaia), eta Maite Gartzia (Errenteria) – aurkeztu dituzte daturik nabarmenenak eta baita eskola kiroleko filosofia ere; kirol aniztasuna, nesken parte hartzea sustatzea, elkartasuna, elkarrekiko errespetua, jasangarritasuna partiduetara bertaratzerakoan eta kirol munduaren profesionalizazioa.

Oarsoaldeko lau udalok 20 urtetik gora daramatzate Eskola Kirolaren kalitatea hobetzeko lanean. Kirol eta euskara teknikarien lan-mahai batek, eskola kiroleko koordinatzaileen bitartez, gidatzen du lan hau.

Eskola Kirolak handitzen jarraitzen du. Aurten ere eskualdeko eskola kirolak azken urteetako bilakaera paregabeari eusten dio, datuak ikusi besterik ez dago.

• Ikasleen % 59,22k egiten du eskola kirola aurten (2021.urtean %55,96k). 8 eta 12 urte arteko 1.335 ikaslek egiten dute eskola kirola Oarsoaldean. Oarsoaldeko ikastetxeetan matrikulatuta dauden 8-12 adin tarteko ikasleak 2.254 dira guztira (aurreko ikasturtean 2.559 ziren). Honek erakusten du datu hauen benetako neurria eta garrantzia, ikasleen erdiak baino gehiagok egiten baitu eskola kirola eskualdean.

Datu honek eskola orduz kanpo haur eta gaztetxoek egiten dituzten jardueren artean nagusi bihurtzen du Eskola Kirola. Hortik, besteak beste, bere garrantzia.

• 128 talde guztira: 64 talde Errenterian, 28 Pasaian, 25 Oiartzunen eta 11 Lezon.

• 72 entrenatzaile arduratzen dira 128 talde horien saioak gidatzeaz, 29 emakumezko eta 43 gizonezko.

• Nesken parte hartzea gorantz doa urtez urte, poliki bada ere. Eskola kiroleko parte-hartzaileen % 34,31k neskak dira (2018.urtean %33,92ak parte hartzen zuen), eta %65,69 mutilak dira (2018.urtean %62,09ak parte hartzen zuen).

• Eskola kirola jarduera %100 euskaraz egiten da gaur egun, urteotan guztiotan egin den lanari esker entrenatzaileen kirol prestakuntza eta euskararen ezagutza eta erabilera ahalbidetzen baitira gaur egun.

 

 

Kirol aniztasuna eta berdintasuna

Eskola-kirolaren filosofia nagusia kirol-aniztasuna da. Kirol bat baino gehiago ikasteko eta praktikatzeko aukera onuragarria delako 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Haurrek hainbat kirol probatu eta ikasi behar dituzte, eta, gero, gustukoena aukeratu.

Bestalde, nesken eta mutilen arteko berdintasuna sustatzen ari gara, nesken praktika fisikoa bultzatuz eta kirolaren munduan duten lekua aldarrikatuz.


 

Elkarrekiko errespetua, elkartasuna eta kirol legez jokatzen ikastea

Kirol-jarduera hezitzailerantz jotzen ahalegintzen gara; uste dugu elkarrenganako errespetua, elkartasuna eta kiroltasunez jokatzen ikastea funtsezko balioak direla kirolean. Alde horretatik, beti bezala, jokabide eredugarria izaten jarrai dezazuela eskatzen dizuegu, bai kantxetan, bai harmailetan.

Horri guztiari gehitu behar diogu partidetara joateko orduan automobil pribatua baztertzeko egiten ari garen ahalegina, garraiobide jasangarriagoak aukeratuz (oinez, patinetan, bizikletaz edo, azken baliabide gisa, automobila partekatuz).

Beraz, Oarsoaldean garatzen ari garen eskola kirolaren eredua eta proiektua oso garrantzitsua da euskararen normalizaziorako eta pertsona gisa hazteko.

Amaitzeko, gure eskualdeko eskola kirola eredugarria izan dadin ikastetxeek, guraso elkarteek eta udalek egiten duten lana azpimarratu eta balioetsi nahi dugu.

Gainera, 2019-2020 ikasturtetik, arbitroen koordinazio-lana eskualdeko eskola-kirolaren egiturak berak egiten du, betiere kirol-elkarteekin lankidetzan eta haien lana errazteko helburuarekin. Orain arte egin den lan onarekin jarraitzeko, arbitro guztiek gaitasun bateratua jasotzen dute gure eskualdeko eskola-kirolak sustatutako jarrera eta balio egokiak sustatzeko.


atzera

HARREMANETARAKO

© Oarsoaldea Garapen Agentzia
Astigarragako bidea 2, Mamut eraikina 2. solairua
20180 Oiartzun (Gipuzkoa)
T.: 943 494 129 / F.: 943 491 894
Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

AZKEN TXIOAK

© 2020 Oarsoaldea Garapen Agentzia · Garapena eta diseinua: iametza
  • udalak