Tokiko merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2020ko abenduan martxan jarri zuen kanpainarekin bat egin du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak. Hori dela eta, kanpainak eskualdean duen oihartzuna handitzeko, errefortzuzko komunikazio ekintzak burutzen ditu Eusko Jaurlaritzak kanpaina aktibatzen duen aldi oro.
“Betikoa” eskatzea konfiantza sortzeko bide den bezala, norbera bere hizkuntzan artatua izatea ere konfiantza hori sortzeko bidea dela abiapuntu hartuta, kontsumitzaileei zuzendutako kontzientziazio kanpaina da, saltokietan euskaraz eska dezaten.
Kanpainaren ardatza euskaraz eskatzearen eta tokiko merkatariek sortzen duten konfiantza lotzea izan da. Horretarako spot zentral bat du ardatz herrietako erosle eta merkatari sare anitza islatzeko helburuarekin. Izan ere, euskal herrietako merkatarien irudi gaurkotu bat eskaintzea berebizikoa dela uste dugu, euskararen aniztasuna euskararen aberastasuna delako.
Euskarari lotutako ohiko kanpainetatik harago joan nahi izan da, iruditeria berri eta fresko bat eskainiz, eta aldi berean etxekoa, gertukoa, sentituz. Aktoreen lanaren eta animazioaren bitartez Euskal Herriko edozein herri irudikatzea lortu da.
Spotaren zabalkundea sare sozialetan egin den kanpaina digital batekin osatu da. Horretarako, tokiko merkataritza eta ostalaritzako adierazle handienak diren konfiantza eta gertuko harremana islatzen duten bizipenak webgune batean jaso dira eta sareetan zabaldu.
Etorkizunean bide honetatik jarraitzeko estrategia bateraturako oinarriak aurkitu nahi izan ditu Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, aurtengo kanpainaren lanketa Donostiako Udala, Gasteizko Udala, Bilboko Udala eta Oarsoaldeko Garapen Agentziarekin egin da. Aurrera begira, EAEko udal gehiagorekin lanketa abiatzea da helburua.
Gure herrietako komertzioetan konfiantzaren adierazle handiena da “betikoa” eskatzea. Ezagutzen dugu dendaria, produktua. Eta dendariak ezagutzen gaitu gu ere, zer nahi dugun, zer behar dugun.
Konfiantza egunez egun lortzen da, alde biko konpromisoari esker. Baina bada konfiantza sortzeko bide azkarrago eta seguruago bat: nor bere hizkuntzan artatua izatea.
Euskara aukeratzen dugunean konfiantza aukeratzen dugu, garena izateko aukera. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz!
HARREMANETARAKO
© Oarsoaldea Garapen AgentziaAZKEN TXIOAK
AZKEN ALBISTEAK
ZABALIK DA KUADRILLATEGIN IZENA EMATEKO EPEA
LOTURAK