Oarsoarrak

Herritar berriei zuzenduriko eskaintzak

 

Komunitatea eta harremanak

Ezinezkoa da komunitateaz hitz egitea harremanei buruz hitz egin gabe. Hurbil bizi diren pertsonen artean sortzen diren harremanak, egunerokotasuna partekatzen dutenak, egunerokotik sortzen diren kezkak eta motibazioekin batera.

Egunerokotasunak orainarekin ez ezik, leku baten iraganarekin eta etorkizunarekin ere lotzen gaitu. Pertsona batek leku baten iragana ulertzen duenean, bertako orainaren parte dela sentitzen duenean eta horren etorkizunaren alde lan egin nahi duenean, komunitateaz hitz egin dezakegu. 

Oarsoaldeak besoak zabalik hartzen ditu herritar berriak eta komunitate horretan parte hartzera gonbidatzen ditu. Horretarako, hitzkuntza funtsezkoa da, baina ez da hitz egitera mugatzen. 

 

 

 

Hizkuntzak gerturatzen gaitu, gerturatu euskarara

Hizkuntzak gerturatzen gaitu, gerturatu euskarara lelopean, Oarsoaldeak euskarara hurbiltzeko gonbita egiten du, zentzurik zabalenetik, euskara ez baita hitz egitea bakarrik, sentitzea baizik. Eta emozioak hizkuntza unibertsala dira.

Lanketa honen ardatz bihurtu den Nelson Mandelaren esaldiak ezin baino hobeto azaltzen du hau:

"Gizaki bati ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu, haren burura iritsiko zara. Bere hizkuntzan hitz egiten badiozu, haren bihotzera iritsiko zara".

Harremanek eta bizikidetasunak sortzen duten komunitatea eta aniztasunak komunitate hori aberasten du.

 

 

Harremanen atzean, istorio ederrak

Aurtengo lanketari begira, zortzi pertsona elkartu ditugu. Istorio hauek egunerokotasunetik sortu daitezkeen harreman ederren adibide dira.

 

Daniela eta Maika, Oiartzungo Petra Lekuona adinekoen egoitzako langileak

Danielak eta Maikak Oiartzungo Petra Lekuona adinekoen egoitzan ezagutu zuten elkar eta gaur egun oso harreman polita bizi dute. Maikak gogoratzen du Daniela hasieratik interesatu zela euskarazko hitzak nola esaten ziren ikasteko. Hitz horien trukaketarekin hasi zen harremana gaur egun adiskidetasun ederra da. 

Danielarentzat garrantzitsua da aiton-amonei euskaraz hitz egitea norberaren etxean bezala sentiarazi nahi dituelako. Eta horretan ari da, Maika bezalako lankideekin, pixkanaka euskara ikasten. 

Nekane eta Omar, Oiartzungo ludotekako arduraduna eta erabiltzailea

Omarrek eta Nekanek Oiartzungo ludotekan ezagutu zuten elkar. Nekane ludotekako arduraduna da eta Omarrek bere hiru alabak eramaten zituen bertara. Hizketaldi horietan jakin zuten adiskideak amankomunean zituztela eta gaur egun oso gertuko harremana mantentzen dute bi familien artean. 

Omar oso inplikatuta dago euskararekin eta Errenteriako kultura arteko egitasmoetan ere parte hartzen du aktiboki.

Yomar eta Raul, Pasaiako Txirrita AEK euskaltegiko ikaslea eta irakaslea

Yomarrek eta Raulek Pasaiako AEK euskaltegian ezagutu zuten elkar duela urte eta erdi. Raul euskaltegiko irakaslea da eta Yomarri informazioa eman zion euskaltegira joan zenean. Nahiz eta ikastaroa hasita egon, Yomar ederki integratu zen taldean.

Gaur egun, Yomar euskaltegian jarraitzen du eta hainbat jardueratan parte hartzen du: afariak, Korrika, etab.

Gesther eta Benita, Lezoko Oroitzene AEK euskaltegiko ikasleak

Gestherrek eta Benitak Lezoko euskaltegian ezagutu zuten elkar duela hamar hilabete. Biak dira euskaltegiko ikasleak eta bertan lagun berriak egin dituztela nabarmentzen dute. Bientzat euskara ikastea komunitate berri bateko atea irekitzeko giltza da eta elkarrekin gehiago partekatzeko aukera ematen du. 

 

Ikusi aurtengo euskarria hemen informazio gehiago lortzeko!

HARREMANETARAKO

© Oarsoaldea Garapen Agentzia
Astigarragako bidea 2, Mamut eraikina 2. solairua
20180 Oiartzun (Gipuzkoa)
T.: 943 494 129 / F.: 943 491 894
Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

AZKEN TXIOAK

© 2020 Oarsoaldea Garapen Agentzia · Garapena eta diseinua: iametza
  • udalak