Oarsoarrak

Albisteak

Oarsoaldeak euskararen aldeko hizkuntza-zubiak sortzeko gonbita egin du

2025-09-02

Eskualdeko udalek kanpaina bat jarri dute abian, beste herrialde batzuetatik etorri berri diren pertsonak euskarara hurbiltzeko gonbita egiten diena, integrazio-tresna gisa, baina, era berean, bertako herritarrak animatu nahi dituena heldu berri direnen hizkuntzetan keinu txikiak eginez beren hurbiltasuna erakuts dezaten.

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak koordinatzen du ekimena, eta euskarara bere errealitatetik eta egoeratik hurbiltzera gonbidatzen du pertsona bakoitza, tokiko bizitzan parte hartzea erraztuz eta esperientzia berriei ateak irekiz.

Helburu nagusia da Euskal Herrira iritsi berri diren pertsonek euskara integrazioa errazten dien, aukerak zabaltzen dizkien eta euskal bizitzaz eta kulturaz bete-betean gozatzeko aukera ematen dien tresna gisa ikus dezaten sustatzea. Aldi berean, kanpainak herriko gizartea sentsibilizatu nahi du ahalegin hori aitortu eta baloratu dezan, bi aldeetatik hizkuntz zubiak eraikiz.

Pertsona bakoitzak ikusiko du euskarara nola eta noraino hurbildu nahi duen; hitz solteak eta agurrak ikasiz, seme-alabak eredu euskaldunetan eskolatuz, euskararen presentzia bermatuz bere merkataritzan, elkarrizketa laburrak egiteko adina ikasiz, eskaintza kulturaletara joz… Aurtengo nobedadea da bertako biztanleak ere animatzen direla berriki iritsi direnen hizkuntzan pauso txikiak ematera, horrela elkarbizitza hurbilago eta errespetuzkoagoa bultzatuz.

Oarsoaldea anitza da. Elkartasun osoa adierazi nahi diegu eskualdean sartzen diren pertsona guztiei, elkarbizitza sustatuz, elkar ezagutuz eta beti ere euskararekin dena lagunduz.

Irailean zehar, bai eskualdean sartu berri direnek eta baita bertako herritarrek ere, bide desberdinetatik jasoko dute euskarara eta komunitatean dauden beste hizkuntzetara hurbiltzeko dinamika honetan parte hartzeko gonbidapena: autobus geltokietako markesinak, sare sozialak, liburuxkak, bideoak, prentsa, etab.

Kanpainaren euskarriek irudi erakargarria eta koloretsua dute, eta euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko, ingelesezko eta arabierazko mezuak eta leloak dituzte. Aurten, gainera, balioan jartzen dute herritar guztien aldetik keinu txikiek duten garrantzia, errespetuzko eta elkarbizitzarako espazio komun bat eraikitzeko.

Kanpainaren euskarri nagusiak bideo labur batzuk dira, eskualdeko pertsona ezberdinen testigantzekin eguneroko egoerak erakusten dituztenak, horietako batzuk beste leku batzuetatik etorriak. Bideoak hemen daude ikusgai.

 


atzera

HARREMANETARAKO

© Oarsoaldea Garapen Agentzia
Astigarragako bidea 2, Mamut eraikina 2. solairua
20180 Oiartzun (Gipuzkoa)
T.: 943 494 129 / F.: 943 491 894
Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

AZKEN TXIOAK

© 2020 Oarsoaldea Garapen Agentzia · Garapena eta diseinua: iametza
  • udalak