2024-08-30
Herritar etorri berriei euskarara hurbil daitezen gonbita egiteko sentiberatze lanketa abian da
Beste herrialde batzuetatik Oarsoaldera bizitzera etorritako herritar berriak euskarara gerturatzeko eta ongi etorriak senti daitezen, sentiberatzeko kanpaina abiatu dute eskualdeko udalek.
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak koordinaturiko kanpaina honen bidez herritar berriek, nork bere errealitatetik eta zirkunstantzietatik, euskararanzko urrats bat egin dezaten bilatzen du, herriaren bizitzan behar bezala murgiltzeko eta, horrela, bide berriak irekitzeko.
Bakoitzak ikusiko du nola eta noraino hurbildu nahi duen euskarara; hitz solteak eta agurrak ikasiz, seme-alabak euskal ereduan eskolatuz, bere saltokian euskararen presentzia bermatuz, elkarrizketa laburrak egiteko adina ikasiz, kultur eskaintzetara joanez… Bide zabal eta anitza eskaintzen die gure eskualdeak bertara etorritako pertsona horiei. Kanpaina honek euskara euren promozio sozialerako elementu gisa aurkezten die herritar berriei. Bakoitzak bere unean uneko ahalmenetik euskara kontuan izan dezan lortu nahi dute sustatzaileek, euskararen komunitateko kide izatera gonbidatzen ditu.
Oarsoaldea anitza da, elkartasun osoz jokatu nahi dugu bertara etortzen diren bizilagun berriekin, elkarbizitza eta herritarren arteko ezagutza indartuz eta beti ere euskara bidelagun.
Irailaren 1etik 30era bitartean gure artean bizi diren herritar etorri berriek euskarara gerturatzeko gonbita hartuko dute hainbat bidetatik; bus geltokietako markesinak, sare sozialak, esku-orriak, bideoa, prentsa eta abar.
Kanpainako euskarriek irudi erakargarri eta koloretsua dute eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz dakartzate mezu eta leloak. Kanpainaren euskarri nagusiak etorri berri batzuen eta eskualdeko herritar batzuen lekukotzak azaltzen dituen bideo labur batzuk dira. Bideoak hemen daude ikusgai.
atzera
HARREMANETARAKO
© Oarsoaldea Garapen AgentziaAZKEN TXIOAK
AZKEN ALBISTEAK
ZABALIK DA KUADRILLATEGIN IZENA EMATEKO EPEA
LOTURAK