2023-11-08
Julen Castillo aktoreak botako dizkie erronkak Oarsoaldeko 12-16 urte bitarteko gazteei. Proposamen onenek sariak izango dituzte.
“Motxian Eby” bideo-erronka lehiaketa antolatu du, hirugarren urtez, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak, eskualdeko 12 urtetik 16 urtera arteko gazteentzat. Aurten, Julen Castillo aktoreak botako dizkie erronkak eskualdeko gazteei.
Guztira bi erronka izango dira aurten. Lehenengo erronka azaroaren 13an ezagutuko dute gazteek eta hilabeteko epea izango dute erronkari erantzuna emateko. Bigarren erronka, berriz, otsailean ezagutuko dute. Tartean, urtarrilean zehar, Asmazank lehiaketak antolatuko dira gazteekin eskualdeko herrietan.
Lehiaketa www.motxianeby.eus webgunearen bidez jarraitzeko aukera izango da. Bertan zintzilikatuko dira erronka bakoitzaren aurkezpen bideoa eta baita erantzun gisa egindako bideo guztiak ere.
ERRONKA BAKOITZEKO, HAINBAT SARI
Lanak www.motxianeby.eus webgunearen bidez bidali beharko dira. Lehiaketan parte hartzeko baldintzak eta lehiaketari buruzko gainerako jakingarriak arestian aipatutako webgunean dituzue eskuragarri. Epeak honako hauek izango dira:
- Lehenengo erronka entregatzeko azken eguna abenduaren 17a igandea izango da.
- Bigarren erronka entregatzeko azken eguna, berriz, martxoaren 10a izango da.
SARIAK
Zirikatzaile lanak egingo dituen Julen Castillok eta Kuadrillategiko gazteek erabakiko dituzte sarituak. Hauek izango dira sariak:
- Erronka bakoitzeko bideorik onena: 150€ko saria.
- Bi erronkak amaitzean, bideo guztien artean onena: 200€ko saria.
- Herri bakoitzeko bideorik onena: 50€ko saria.
Amaitzeko, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak lehiaketan parte hartzera animatu nahi ditu eskualdeko gazteak.
atzera
HARREMANETARAKO
© Oarsoaldea Garapen AgentziaAZKEN TXIOAK
AZKEN ALBISTEAK
MARINA PEROSANZ ZUZENDARIAREN "MUSKIL" LANAK IRABAZI DU EUSKARAZKO FILM-LABURREN MINTZAGUN SARIA
LOTURAK