2025-10-22
Oarsoaldeko kirol klubetan euskararen erabilera sustatzeko egitasmoa aurrera doa, eta urrats garrantzitsua egin berri du: diagnostiko fasea amaitu, eta inplementazio faseari ekin dio; diagnostikoaren emaitzak abenduan aurkeztuko dira.
Nabarmentzekoa da kirolari gazteekin joan den urriaren 14an egin zen lan saioa, egitasmoaren lehen faseari amaiera emanez. Bertan, gazte kirolarien ahotsa jaso zen, kirol klubetan dituzten bizipenak nolakoak diren aztertzeko, hala nola: taldekideen arteko harremanak, parte hartzea eta giroa nolakoak diren, euskarak kluben baitan duen lekua zein den... Hala, diagnostikoa osatzeko eta zehazki, euskarak klubetan bizi duen egoera ulertzeko balio handiko ekarpena izan zen.
Prozesu horretan guztian, klubetako ordezkariak, udaletako euskara eta kirol teknikariak, eta Soziolinguistika Klusterra elkarlanean ari dira, EMUNeko teknikarien laguntzarekin, klub bakoitzaren abiapuntua eta erritmoa errespetatuz. Askotariko bilerak egin dira, horien artean: abiatzeko komunitate bilera (klubak, udalak, kirol federazioak eta Klusterra), Kirol Mahaiaren bilerak (maiatzean eta ekainean), talde eragilearen bilerak (apirilean eta ekainean), klub bakoitzarekin banakako errondak (uztailetik urrira bitartean), eta gazteekin egindako aipatutako saioa (urria). Diagnostiko fasean egindako lanek harrera ona izan dute teknikarien zein klubetako ordezkarien aldetik.
Orain, inplementazio fasea abiatu da, urriaren 21ean egindako 3. Kirol Mahaiarekin batera. Fase berri horretan, klub bakoitza bere ekintza plana osatzen hasiko da, aurreko hilabeteetako diagnostikotik abiatuta. Helburua izango da euskararen erabilera areagotzeko ekintza zehatzak martxan jartzea eta kluben arteko komunitatean esperientziak partekatzen jarraitzea. Era berean, klubek konpromiso komunak hartzea ere sustatuko da eta aurrerantzean ere, elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, euskarak kirol arloan duen lekua indartzen jarraitzeko.
atzera
HARREMANETARAKO
© Oarsoaldea Garapen AgentziaAZKEN TXIOAK
AZKEN ALBISTEAK
AktiBatuz! egitasmoak diagnostiko faseko emaitzen berri emanez itxi du urtea
Euskarazko produktuen katalogo berria kalean da
Mikro-sukaldaritza tailerrak Oarsoaldeko euskaltegietan: pintxo hotzak eta goxoak euskaraz
LOTURAK