Oarsoarrak

Albisteak

Abian da Oarsoarrak Euskararen Sariaren garaikur berria hautatzeko lehiaketa

2024-11-26

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak urtero antolatzen dituen Oarsoarrak Euskararen Sariak garaikurra berritzeko asmoz, aurtengo edizioaren denbora baliatuko du lehiaketa bidez garaikur berria aukeratzeko. Era berean, Leire Mazizior Errenteriako zinegotziak prentsaurrekoan jakitera eman duenez, “bi urtean behin emango da hemendik aurrera. Aurtengo hutsune hau sariaren garaikurra berritzeko baliatu nahi dugu, ordea.” Hala, lehiaketaren xedea Oarsoarrak Euskararen Sarien garaikurra arte diziplina baten bidez sortzea eta hautatzea da.

Garaikurra hautatzeko lehiaketa

Ostiral honetan emango zaio hasiera lehiaketan parte hartzeko epeari. Lehiaketara aurkeztuko diren lanak arte plastikoetako edozein diziplinatakoak izan daitezke. Gizabanako batentzat eskuekin eramangarri eta erabilgarri izateko moduko neurria izan beharko du eta euskara eta eskualdea iradoki beharko dituzte nolabait. Lehiaketara lanak bozeto gisa aurkeztu beharko dira eta hautatua izanez gero, 2025eko apirilaren 11tik urriaren 6ra arteko epean burutu beharko da pieza.

Lanak aurkezteko epea azaroaren 29tik 2025eko martxoaren 14ko 14:00etan amaituko da. Hasiera batean, arte disziplinaren baten bidez saria sortzeko gaitasuna duten Oarsoaldeko herritar guztiei zuzendua dago lehiaketa. Lanak jasotzeko epea zabaldu eta bi hilabetera zortzi laneko kopurua gainditu ez bada, lehiaketaren geografia eremuaren baldintza indargabetuko da, Euskal Herri osora zabalik geratuz.

Lehiaketa bidez hautatzen den lanaren egileak 2.500€ko ordainsaria jasoko du. Sari horrek gain hartzen ditu obra sortzeko gastuak, esklusibitatea eta ordainsaria. Era horretan, hautatutako artelana izango da hurrengo 2025eko azaroaren 28an ospatuko den Oarsoarrak Euskararen Sariaren garaikurra. Epaimahaia herri bakoitzeko arte munduarekin loturiko aditu bana eta saria erabaki ohi duen epaimahaiko ordezkari bat izango dira. 2025ko apirilaren 11tik aurrera emango dute jakitera irabazlea.

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.

Oarsoarrak Euskararen Sariaren ibilbidea

Proiektua 2010ean jarri zuten martxan Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek, Oarsoarrak Euskararen Batzordearen bidez. Sariaren xedea, edozein alorretan euskararen normalizazioaren alde urrats esanguratsuak egin dituzten Oarsoaldeko eragileen lana aitortzea da. Horrela, sarien lehenengo edizioan, 2010. urtean, Juanba Berasategi eta ABB Niesseneko euskara batzordea izan ziren sarituak. Geroztik, besteak beste, Asier Altuna eta Telmo Esnal zinegileak, Banaiz Bagara elkartea, Peio Jauregi ikerlaria, Izaskun Madariaga-Agustina Pontesta eta Lurdes Sistiaga andereñoak, Mikel Astarloza txirrindularia, Labore Oarso edo Antton Valverde abeslaria izan dira sarituak.

Aurtengoa, Oarsoarrak Euskararen Sariaren inflexio-puntua kontsidera daiteke. 2025eko ediziotik aurrera, bi urtetik behin ospatuko dira sariak eta garaikurraren berrikuntzarekin etapa berri bati eman nahi zaio hasiera.

 

 


atzera

HARREMANETARAKO

© Oarsoaldea Garapen Agentzia
Astigarragako bidea 2, Mamut eraikina 2. solairua
20180 Oiartzun (Gipuzkoa)
T.: 943 494 129 / F.: 943 491 894
Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

AZKEN TXIOAK

© 2020 Oarsoaldea Garapen Agentzia · Garapena eta diseinua: iametza
  • udalak