Oarsoarrak

Albisteak

2024KO UDAKO KIROL KANPAINA: 35 JARDUERA BAINO GEHIAGO 3 ETA 16 URTE ARTEKO HAUR ETA GAZTEENTZAT

2024-05-29

• Oarsoaldeko lau udalek aurkeztu dute eta izen-ematea maiatzaren 2an zabaldu zen.

• Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek, elkarrekin antolatu eta zabaldu dute UDA 2024 Kirol Kanpaina, hamabosgarren urtez jarraian. Kirol eskaintza oparoa aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Pasaian, bertan izan dira lau udalerrietako kirol zinegotziak Leire Mazizior (Errenteria), Eneritz Arruti (Lezo), Julen Rodriguez (Pasaia) eta Edorta Fernandez (Oiartzun).

 

UDA 2024 Kirol Kanpaina lau udalek osatzen duten Eskualdeko Kirol Koordinazio Mahaiak antolatu eta bultzatu du aurreko urteetako arrakasta ikusita. Elkarlan honen helburuak, besteak beste, hauek izan dira: lau udalen baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea eta herritarrei aukera zabalagoa eskaintzea.

Guztira, 35 jarduera baino gehiago eskainiko dira, 3 eta 16 urte bitarteko haurrentzat. Lau udalerrietan eskaintza oparoa dago gurasoen eskura: piraguismoa, arrauna, txirrinda, paddle surf-a, igeriketa, gimnasia erritmikoa, dantza, eskalada, gazte fitnessa, aquagym-a, zumba, cycling-a, zirko tailerra, tenisa, pilota, judoa,…gustu guztietarako. Aurreko urteetan bezala, helduei zuzendutako jarduerek ere lekua izango dute (16 urtetik gorakoentzat). Besteak beste, ondorengoak dira eskaintzen diren ekintzak: igeriketa, areto jarduerak edota paddela.

Aurreko urteetan egin den moduan Oarsoaldeko Udako Kirol Kanpainako eskaintza esku-orri bakarrean jaso da. Izan ere, askoz ere eraginkorragoa iruditu zaie antolatzaileei informazio guztia modu honetan jasotzea, herritarrek eskaintza guztia begirada bakar batean bistaratzen dutelako. Esku-orrian lau udalerrietan eskaintzen diren jarduerak jaso dira eta lau udalen webguneetan ere zintzilikatu dira. Prezioak esku-orrian begiratu daitezke. Halaber, bertan jasotzen dira kirol guneen eta antolatzaileen helbideak eta telefono zenbakiak.

 

Jarduera aniztasuna

Aurreko urteetan martxan jarritako eta gure eskualdean hain ohiko ez diren hainbat jarduera, Paddel Surf, Denok Dantzara, XC eta Enduro… besteak beste, eskaintzen segituko dute udalek.

Udaran antolatzen den ekimena izanik, azken urteetan, eta aurten bereziki, indarra eman nahi izan diete ITSASOArekin zerikusia duten jarduerei, eta aurten ere eskainiko diren piraguismoa, arrauna, eta Paddel Surf ekintzak egin ahal izango dira. Herritarrak animatu nahi dituzte horietan parte hartzera. Jarduera horiek ingurune naturalean egiten dira eta badia beste ikuspegi batetik ikusteko eta bizitzeko aukera ematen dute.

Antolatzaileek gogorarazi nahi dute, aurreko urteetan bezala, Pasaiako Udalak Donibaneko kirol gunean piraguen eta Paddel Board-eko tablen alokairu zerbitzua eskainiko duela. Zerbitzuari buruzko informazioa Donibaneko webgunean eskura daiteke. Banakako zein binakako piraguak alokatu daitezke, ordu eta erdiz, hiru orduz, egun erdiz edota egun osorako. Halaber, uda osorako bonua ere egin daiteke. Zentzu horretan, aukera ezin hobea da zerbitzu hori, badia eta kostaldea ezagutuz, egun pasa ahaztezinak egiteko.

 

Oarsoaldea eskualdeko kirol eskaintza guztia ikusi hemen

Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu esku orrian jarduera bakoitzean adierazten diren telefono zenbakietara.

 

Eskatu, eskaini kirol jarduerak euskaraz Errenteria

Eskatu, eskaini kirol jarduerak euskaraz Lezo

Eskatu, eskaini kirol jarduerak euskaraz Oiartzun

Eskatu, eskaini kirol jarduerak euskaraz Pasaia


atzera

© 2020 Oarsoaldea Garapen Agentzia · Garapena eta diseinua: iametza
  • udalak