Oarsoarrak - Oarsoaldeko Euskara Batzordea

Merkataritza. Gremiokako lanketa

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak okindegi-gozotegietan hizkuntz paisaia aldatzen du

2013-05-23

Oarsoaldeko lau udalak, Euskara Batzordearen bitartez, 16 urte daramatzate Merkataritzan eta Ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean.

Azkeneko urte hauetan zehar, ekintza desberdinen bitartez, besteak beste, doako aholkularitza zerbitzua, establezimenduetan euskararen presentzia handitzen ari dira.

Orain hiru urtetik hona, urtero Oarsoaldeko Euskara Batzordeak merkataritza sektore edo gremio bat hautatu ohi du eta harekin ahalegin berezia egiten dute. 2013an okindegi-gozotegietan ari dira lanean eta bi ekimen prestatu dituzte sektoreari begira.

Batetik, 14 produktu ohikoenen izenak euskaraz dituen panelak banatuko dizkiete okindegi-gozotegiei, establezimenduko paretan jartzeko. Panel hauek produktuaren irudia eta euskarazko izena daramate bezeroek ikas ditzaten eta euskarazko izenak ezagutzera emateko helburuarekin. Panelez gain, okindegietako produktuen hiztegitxoa ere banatuko zaie establezimendu jabeei. Panelak eskuratu nahi dituzten okindegi-gozotegiek beraien herriko euskara zerbitzura jo beharko dute.

Bestetik, udazkenean, urriaren 14tik azaroaren 3ra, okindegi-gozotegietan bertako produktuak euskaraz eskatzen dituzten bezeroei boleto edo txarteltxo bat emango die saltzaileak.

Azaroaren 4an egingo diren zozketetan, establezimendu bakoitzeko irabazle bat aterako da eta hilabeteko ogia (40 euroko erosketa eskubidea) eskuratuko du boletoaren jabeak.

Oraingoz eskualdeko 46 okindegi-gozotegik agertu dute ekimen batean edo bestean parte hartzeko asmoa.

Honen guztiaren berri badute okindegi-gozotegien jabeek, euskara zerbitzuak haiekin elkarlanean aritu baitira urte guztian zehar. Baina honen berri oraindik ez duen establezimendu jaberen bat balego, eta interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du.

 

Utzi zure erantzuna:

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa

Ekimenak

Xede taldeak

errenteria.eus lezo.eus oarsoaldea.eus oiartzun.eus pasaia.eus