Oarsoarrak - Oarsoaldeko Euskara Batzordea

Lantokiko praktikak euskaraz

Aurten ere lantokiko praktikak euskaraz egingo dituzte Don Boscoko hainbat ikaslek

2013-04-10

Urte gutxi barru bi eskaintzak parekatuko dira eskari aldetik eta, ziurrenik, egungo joera ikusita, D eredua gailentzen hasiko da. Euskararen onerako hala behar luke behintzat. Oraindik ordea, bada hutsune bat eskaintzari dagokionez, hizkuntzari begiratzen badiogu behintzat. Lantokiko praktikak nagusiki gaztelaniaz egiten dituzte ikasleek, baita D eredukoek ere. Praktiken arauetan hizkuntza irizpiderik ez dagoelako, besteak beste.

Hori zuzendu nahian, Oarsoaldeko udalek, eskualdeko euskara batzordearen bitartez, eta Don Bosco ikastetxeak esperientzia pilotu bat gauzatu zuten 2009-2010 ikasturtean Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Esperientzia pilotu hari esker, praktikak euskaraz egiteko oinarri-oinarriko baldintzak zehaztu zituzten: Instruktorea euskalduna izatea ezinbestekoa da; ikasleari harrera ahoz eta idatziz euskaraz egiteko bideak jartzea; ikaslea mugituko deneko enpresa atalean errotulazioa euskaraz ere egotea, eta azkenik, ikasleak eguneroko lanean erabili beharko duen dokumentazioa euskaraz egotea.

Geroztik, urtez urte, metodologia hori aplikatzen ari dira lau udalak eta Don Bosco ikastetxea programan parte hartzen ari diren enpresetan. Lan hori Ahize-AEK Aholkularitza etxearen laguntzaz egiten dute. Aurten enpresa berri bat sartu da egitasmoan eta honenbestez 9 enpresa dira praktikak euskaraz egiteko aukera eskaintzen dutenak eta ikasle praktikagileak berriz, 18.

  • Papresa SA, Errenteria
  • Tecnalia, Donostia (Miramon)
  • Easo Motor SA, Oiartzun
  • Lurauto-Gipauto SA, Oiartzun
  • Asea Brown Boveri Niessen, SA, Oiartzun
  • IDK Elektronika, Errenteria
  • Txingura tailerra, Errenteria
  • CAF, Irun
  • Linke, Donostia

Oarsoaldeko lau udalentzat berebiziko garrantzia dute lantokiko praktikek. Batetik, euskaraz egindako lanbide ikasketei, lan-mundurako jauzian, azken erremate eta, beren iritziz, hizkuntzari dagokionez erabakigarrienean, euskaraz jarraitzeko aukera bermatzen dutelako. Bestetik, berriz, euskarari lantokietarako sarbidea modu naturalean egiteko aukera paregabea eskaintzen dutelako.

Joan zen martxoaren 14an ekin zieten ikasleek aurtengo praktikei eta ekainaren lehenengo astean amaituko dituzte.

 

Utzi zure erantzuna:

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa

Ekimenak

errenteria.eus lezo.eus oarsoaldea.eus oiartzun.eus pasaia.eus