Oarsoarrak - Oarsoaldeko Euskara Batzordea

Hasiera  »  Ekimenak  »  Kuadrillategi  »  Albisteak

Kuadrillategi

KUADRILLATEGI EGUNA ekainaren 1ean izango da Oiartzunen

2019-05-29

Oarsoaldeko lau herrietako Kuadrillategi egitasmoko gazteek 2019ko Kuadrillategi Eguna egingo dute Oiartzunen datorren ekainaren 1ean; eguraldi ona bada, plazan eta txarra bada, ikastetxeetako estalpeetan.

Kuadrillategi egitasmoak eskualdeko 12-16 urte arteko 400 gazte elkartzen ditu ostiraleroko saioetan eta horiez gain egiten dituzten ekintza berezietan, izan irteerak, topaketak, jolasak,… Gazteen artean euskarazko hizkuntza ohiturak finkatzeko helburua du Kuadrillategik.

 

DESAFIOAK egitasmoa

Aurten egitasmo berezia antolatu dute, DESAFIOAK izenekoa, herrietako gazteen artean harremanak sustatzeko balioko luketen desafio dibertigarriak egitea alegia. Ikasturte osoan zehar garatu da eta halako herrik beste herri bat desafiatzen du ordubeteko proba bat jokatzeko. Herri guztien artean egiten dituzte probak, errebantxak edo dena delakoa.

Jardunaldi bakoitza baino astebete lehenago talde desafiatzaileek mezu bat helarazi diete talde desafiatuei. Mezu horiek edozein formatutan egin eta bidali ahal izan dituzte (Bideo labur bat, audio bat, idatzi bat…). Desafiatzeko modu originalenak ere saria izango du.

25-30 gaztek osatutako 8 taldek hartu dute parte lehian. Lezoko eta Errenteriako talde banak eta Pasaiako eta Oiartzungo hiruna taldek.

Ekainaren 1ean “Desafioak” saioetako final aurrekoak eta finalak jokatuko dituzte DBH-1ekoek Kuadrillategi egunean.

Kuadrillategi Eguneko Egitaraua

Ekainaren 1eko Kuadrillategi Eguneko egitaraua lau herrietako hezitzaileek osatutako batzorde batek prestatu du eta goizeko 11:00etatik arratsaldeko 17:00etara gauzatuko da. Segidan duzue behin-behineko egitaraua:

  • 11:00etan, oiartzuarrek harrera egingo diete Landetxe plazan gainerako herrietako gazteei.
  • Segidan, “Desafioak” saioetako final aurrekoak eta finalak jokatuko dituzte DBH-1ekoekoek. DBH-2, 3 eta 4koek Banden lehia eta Got Talent moduko bat egingo dute musika taldeak eta bakarlariak imitatuz, nork bere abilezia erakutsiz.
  • 13:30etik 15:00etara bazkaltzeko tartea izango da.
  • 15:00etatik 17:00etara DJ Bull-en musika emanaldia denentzako Oiartzungo plazan.
  • 17:00etan agurra egingo diete oiartzuarrek gazte guztiei Done Eztebe plazan.

 

 

 

 

 

 

Utzi zure erantzuna:

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa

Ekimenak

Xede taldeak

errenteria.eus lezo.eus oarsoaldea.eus oiartzun.eus pasaia.eus