Oarsoarrak - Oarsoaldeko Euskara Batzordea

Eskola kirola euskaraz

Eskola Kirolak eskualde mailako jolas alternatiboen jardunaldia egin du

Eskola kirola 2014-02-07

Pasa den urtarrilaren 25ean, Lezoko Bekoerrota kiroldegian, Jolas Alternatiboen inguruko saio berezi bat burutu zen Oarsoaldeko Eskola Kiroleko programaren barruan. Saio hau eskualdeko lau herrietako (Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteria) alebin adineko (10-12 urte) gazteei zuzendu zitzaien.

Eskola-kirolaren programak kirol aniztasuna du oinarrietako bat eta eskualdean nagusiki lantzen diren kirolez gain (saskibaloia, eskubaloia eta futbola), bestelako kirolak sustatzeko balio izan du ekimen honek. Ikasturtean zehar, haurrei kirol praktika eta esperientzia ahalik eta zabalena eskaintzea da kirol teknikarien helburua.

Ainhoa Zabalo Oarsoaldea eskualdearen garapen agentziako lehendakariak jakitera eman duenez, saioa ordubeteko 4 txandatan banatu zen, gazte guztiek parte hartzeko aukera izan zezaten, goizeko 9etan hasi eta eguerdiko 13ean amaitu zen. Bekoerrota kiroldegiko pista anitza bitan banatu zen eta hauetako bakoitzean 5 jolas desberdin programatu ziren: brileta errugbyko baloiarekin, kooperazioko erreleboak, indiaken jokoa, oreka jolasa eta frisbee-ko partidak. Errotazio sistema bat erabiliz eta postu bakoitzean 10-12 minutu egonik, gazte bakoitzak 5 ariketa hauek burutzeko aukera izan zuen.

Joko desberdinak dinamizatzearen ardura ikastetxe bakoitzeko eskola kiroleko begiraleek izan zuten. Astean zehar udaletako kirol teknikariek, jarraipen zuzena egiten dute ikastetxeetan, ariketa bakoitzari atera dakiokeen etekin guztia ateratzeko. Haurrak postu bakoitzean ahalik eta hobekien pasatzea da aurreko lan honen helburua. Hezkuntza eta kirol agente guztien lana da saioak eskatzen dituen baldintzak betetzen direla ziurtatzea.

Antolatzaileek parte-hartzearen gaineko kezka zuten, eguraldi txarrak eraginda. Baina azkenean, % 60aren bueltakoa izan zen, 400 haur aritu ziren, txanda bakoitzean 100 bat haur. Eskualde honetan, horrelako saioak ikasturte osoan zehar egiten dira, adin-tarte bakoitza (benjaminak eta alebinak) 4-6 saio berezietan banaturik. Ikasturteko gainerako saioak kirol ohikoenekin osatzen dira.

Saioa arrakastatsutzat jo genezake, hurbildu den haur eta gurasoen iritzia oso baikorra izan baitzen. Saioaren ebaluazioa egin eta hurrengo ikasturterako hobekuntzak programatzen dira, hala behar izanez gero. Hasiera batean, ekimena dagoen bezala uztea erabaki da. Hala ere, ikasturtero, aldaketa txikiak egitea gustuko dugu, haurrei gauza berriak eta dinamikoak aurkezteko.

 

Utzi zure erantzuna:

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa

Ekimenak

Xede taldeak

errenteria.eus lezo.eus oarsoaldea.eus oiartzun.eus pasaia.eus