Oarsoarrak - Oarsoaldeko Euskara Batzordea

Albisteak

Otordurik onena euskaraz egiten dena

2018-05-09

Urteak dira, hogeita bat zehazki, Oarsoaldeko lau udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean ari direla. Establezimendu horietan euskarak ahozko eta idatzizko presentzia handiagoa izatea du helburu egitasmoak. Horretarako, doako zerbitzu eskaintza egiten zaie (itzulpenak, maketazioa, paisaia linguistikoa euskalduntzeko euskarri desberdinak, aholkularitza teknikoa…).

Urtero, halaber, merkataritza sektore jakin batekin lanketa berezia egin ohi da. Gaur aurkeztu dituzte, hain zuzen ere, Oiartzungo Zuberoa jatetxean, 2018an Oarsoaldeko jatetxeei zuzenduko dizkieten ekimenak -Jesus Maria Martiarena, Lezoko alkatea, Nahikari Otermin, Pasaiako zinegotzia, Eneritz Arbelaitz, Oiartzungo alkateordea, Imanol Iparragirre, Errenkoalderen ordezkaria, Jon Zabaleku, Iturriren ordezkaria, eta Zuberoa jatetxeko Hilario Arbelaitz-.

Euskara saltsan” izeneko ekimenean parte hartu nahi izan duten establezimenduei jendaurreko idatzi eta oharrak euskaratu zaizkie maiatzera bitartean. Maiatzean plateren hiztegia banatuko zaie eta urte osoan zehar menuak eta kartak euskaratuko zaizkie. Maiatzetik ekainera bitartean jatetxeetako arduradunak sentiberatzeko bideo bat zabalduko da webetan eta sare sozialen bidez.

Udazkenean, urriaren 15etik azaroaren 15era, jatetxeetako bezeroek orritxo batzuk izango dituzte eskura jan duten plater baten izena bertan apuntatu eta izena eta telefonoa jarrita, bertan izango diren kutxatan sartzeko. Zozketaren aitzakiarekin kanpainako irudia eta leloa eramango duten boligrafoak banatuko zaizkie establezimenduei, bezeroen artean oparitzeko. Gero zozketa egingo da eta herri bakoitzean 50 €ko 6 sari emango dira. 50€ horiek orritxoa entregatu zuen jatetxean gastatu beharko ditu irabazleak. Eskualde mailan bi lagunentzako otordua zozkatuko da Zuberoa jatetxean.

Guztira, 107 establezimenduk egin dute bat kanpaina honekin. Honen guztiaren inguruko berri oraindik ez duen merkatariren bat balego, eta interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du. Honenbestez, Jose Angel Sánchezek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak, jatetxeak ekimen honetan parte hartzera gonbidatu eta animatu nahi ditu. Hizkuntza bera erabiltzea da errezetarik onena euskara indartzeko.

Aurkezpeneko argazkiak hemen

 

 

 

Utzi zure erantzuna:

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa
errenteria.eus lezo.eus oarsoaldea.eus oiartzun.eus pasaia.eus