Oarsoarrak - Oarsoaldeko Euskara Batzordea

Albisteak

“OARSOARRAK” EUSKARAREN SARIA, sari-emate ekitaldia

2014-12-01

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak azaroaren 28an eta bosgarren urtez, “Oarsoarrak Euskararen saria” eman zuen.

Amaia Agirregabiriak, Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakariak adierazi bezala, Euskararen Egunaren harira, sari hau urtero euskararen normalizazioan urrats nabarmenak egiten dituen talde, establezimendu, erakunde, elkarte edo dena delakoari emateko sortu zen. Ekitaldia Errenteriako Xenpelar etxean egin zen eta saria Kimutx Kultur elkartearentzat izan zen. 0-12 urte bitarteko haurrentzat euskarri jostagarriak sortzen dituzte, ipuinak, material didaktikoak eta abar, jarduerak kulturaren testuinguruan kokatuz. Kimutxek hizkuntza, bai bertsoetan, bai ipuinetan isladatzen du eta Kimutxen helburuetako bat, umearen erritmoa errespetatuz eta haurraren behar eta interesetatik abiatuta, ingurua ezagutzen lagunduko dion giroa sortzea da. Material didaktiko guztia www.kimutx.eu helbidean dago muxutruk nahi duenak erabiltzeko. Proiektu honetan 40 pertsona baino gehiagok parte hartu du muxutruk gure haurrekin harremantzeko modu desberdin bat izateko.

Saria Nora Barrosok, Kimutx Kultur Elkarteko ordezkariak jaso zuen iazko sarituen eskutik; Banaiz Bagara Elkarteko kideak. Hona hemen Oarsoarrak sarietan Kimutx elkarteko Nora Barrosoren hitzak.

Era berean, aurten euskararen alde lanean eginiko ibilbideari aipamen berezia egin nahi izan diote eta aipamen berezi hau Izaskun Madariaga irakaslearentzat izan zen, bere jarduerarengatik eta ibilbide profesional guztian zehar euskara ezpainetan eramateagatik. Izan ere, egungo haur eskolan erabiltzen duten eredua berak sortutakoa baita.

Bestalde, bertaratuek Ander Lizarralde eta Iraitz Mateo bertsolarien bertso musikatuez gozatzeko aukera izan zuten Errenteria Musikalen eskutik, eta ekitaldian Julen Mendozak -Errenteriako alkatea-, Amaia Agirregabiriak -Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakaria eta Pasaiako alkatea-, Zigor Etxeburuak -Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara zuzendaria-, Mertxe Mugikak eta Asier Amondok -AEK-ko ordezkaria- eta Josu Waliñok -PuntuEUS-eko zuzendaria- parte-hartu zuten.

Asko izan ziren ekitaldira hurbildu zirenak, besteak beste, zinegotziak, udal teknikariak eta euskalgintzako eragileak eta Joxe Juan Ugalde eta Naroa Iturri aurkezleek girotu zuten ekitaldia.

Beraz, “OARSOARRAK” EUSKARA SARIAREN bosgarren edizioak bere helburua lortu du aurten ere, euskara bera eta euskararen aldeko lana prestijiatzea alegia”.

 

Utzi zure erantzuna:

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa

Xede taldeak

errenteria.eus lezo.eus oarsoaldea.eus oiartzun.eus pasaia.eus