Oarsoarrak

Albisteak

Oarsoaldeko Eskola Kiroleko 2019-20 ikasturteko datuen aurkezpena

2019-10-23

Oarsoaldeko lau udalek 20 bat urte daramatzate Eskola Kirolaren kalitatea hobetzeko lanean. Kirol eta euskara teknikarien lan-mahai batek, eskola kiroleko koordinatzaileen bitartez, gidatzen du lan hori.

Eskola Kiroleko adierazleek hobetzen jarraitzen dute. Aurten ere eskualdeko eskola kirolak azken urteetako bilakaera paregabeari eusten dio, datuak ikusi besterik ez dago.

Ikasleen ia erdiak Eskola Kirola egiten du eta nesken parte hartzeak gorantz egiten jarraitzen du.

Epaileak

2019-2020 ikasturtean, epaileak edo arbitroak koordinatzeko lana eskola kiroleko egiturak berak egingo du, beti ere, kirol elkarteekin elkarlanean eta azken horiei lana errazteko helburuarekin.  Orain arte eginiko lan onari jarraipena emateko asmoz, aurten epaile guztiek, formazio bateratu eta amankomun bat jaso dute, gure eskualdeko Eskola Kirolak sustatzen dituen jarrera eta balio egokiak haurrei helarazten lagundu dezaten.

Horretarako, epaile orok peto bat eramango du soinean, atzealdean lau esaldi hauetako bat idatzia izango duelarik:

Bestalde, partida hasi aurretik, epaileek beren burua aurkeztuko diete entrenatzaileei, zelai erdira hurbildu, eskua eman eta partidari hasiera modu naturalean emateko helburuarekin.

Bukaeran, bai entrenatzaile, bai epaile zein bi taldeetako haurrek elkarri eskua emango diote, arerio eta etsai izatea ez baita gauza bera.

Gurasoentzako deia

Datu esanguratsuenak aipatzeaz gain, gurasoentzako bi mezu bidali dituzte Oarsoaldeko kirol zinegotziek. Batetik, Eskola Kirolan aipatutako baloreak lantzen diren heinean, orain arte bezala jokaera eredugarria erakusten jarraitzera animatu dituzte gurasoak eta haurrak bai kantxatan, baita harmailatan ere. Bestetik, auto partikularra alde batera utzi eta partidatara joateko bestelako garraio modu batzuk erabiltzeko ahalegindu daitezen eskatu diete.

Kirol aniztasuna eta berdintasuna

Eskola kirolaren filosofia nagusia kirol aniztasuna da. 8-12 adin-tartean, kirol bat baino gehiago ezagutu eta lantzeko eskaintza onuragarria da neska-mutikoentzat. Hainbat kirol ezagutu eta gustukoenak hautatzeko aukera izan behar dute haurrek.

Bestalde, neska eta mutilen arteko berdintasuna bultzatzen ari gara nesken praktika fisikoa sustatuz eta kirol munduan bere lekua aldarrikatuz.

Beraz, Oarsoaldean garatzen ari garen eskola kirolaren eredua eta egitasmoa oso garrantzitsua da euskararen normalizaziorako eta pertsona gisa hazteko.

Oarsoaldeko lau herrietan, gainera, eskola kirolaren egitura, koordinatzaileengandik hasi eta entrenatzaileenganaino profesionalizatuta dago. Lan kontratua eta gutxieneko kirol prestakuntza bermatzen zaie entrenatzaileei.

 Hori horrela izan dadin ikastetxeek eta udalek egin duten esfortzua nabarmendu eta balioetsi dute kirol zinegotziek. Eskola kirolaren kalitate ona bermatzen laguntzen du honek eta aurretik aipatutako guztiak.

 

 

 

 

 


atzera

HARREMANETARAKO

© Oarsoaldea Garapen Agentzia
Astigarragako bidea 2, Mamut eraikina 2. solairua
20180 Oiartzun (Gipuzkoa)
T.: 943 494 129 / F.: 943 491 894
Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

AZKEN TXIOAK

© 2020 Oarsoaldea Garapen Agentzia · Garapena eta diseinua: iametza
  • udalak