Oarsoarrak

Albisteak

Lantokiko praktikak euskaraz egiteko aukera Oarsoaldean

2020-01-28

2009-2010 ikasturtean abian jarri zenetik hona egindako ibilbidearen berri eta aurrera begira dituzten asmoen berri eman dute Oarsoaldeko Euskara Batzordeko arduradunek eta Don Boscoko eta Pasaiako Itsas Eskolako arduradunek Don Boscon egindako prentsa agerraldian. 

Gainerako eskualdeetan bezala, poliki bada ere, D eredua eta B eredua hazten ari dira Oarsoaldeko Lanbide Heziketako bi ikastetxeetan ere. Don Boscon esaterako bi eskaintzak parekatzera iritsi dira dagoeneko.

Oraindik ordea, bada hutsune bat eskaintzari dagokionez, hizkuntzari begiratzen badiogu behintzat. Lantokiko praktikak nagusiki gaztelaniaz egiten dituzte ikasleek, baita D eredukoek ere. Praktiken arauetan hizkuntza irizpiderik ez dagoelako, besteak beste.

Hori zuzendu nahian, Oarsoaldeko udalek, eskualdeko euskara batzordearen bitartez, eta Don Bosco ikastetxeak esperientzia pilotu bat gauzatu zuten 2009-2010 ikasturtean Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Esperientzia pilotu hari esker, praktikak euskaraz egiteko oinarri-oinarriko baldintzak zehaztu zituzten: Instruktorea euskalduna izatea ezinbestekoa da; ikasleari harrera ahoz eta idatziz euskaraz egiteko bideak jartzea; ikaslea mugituko deneko enpresa atalean errotulazioa euskaraz ere egotea, eta azkenik, ikasleak eguneroko lanean erabili beharko duen dokumentazioa euskaraz egotea.

Geroztik, urtez urte, metodologia hori aplikatzen ari dira lau udalak eta Don Bosco eta Pasaiako Blas de Lezo itsas eskola programan parte hartzen ari diren enpresetan. Lan hori Ahize-AEK Aholkularitza etxearen laguntzaz egiten dute. Egitasmoa 5 enpresarekin hasi zen eta iaz 21 izan ziren parte hartu zuten enpresak. Urtero enpresa pare bat egitasmoan sartzeko ahalegina egiten dute arduradunek. Egitasmoa abian jarri zenetik 200 ikasletik gora izan dira praktikak euskaraz egin dituztenak.


atzera

HARREMANETARAKO

© Oarsoaldea Garapen Agentzia
Astigarragako bidea 2, Mamut eraikina 2. solairua
20180 Oiartzun (Gipuzkoa)
T.: 943 494 129 / F.: 943 491 894
Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

AZKEN TXIOAK

© 2020 Oarsoaldea Garapen Agentzia · Garapena eta diseinua: iametza
  • udalak