Oarsoarrak - Oarsoaldeko Euskara Batzordea

Albisteak

Antzerki eskolak Oarsoaldeko euskaltegietan

2017-02-03

Antzerkigintza tailerrak egingo dituzte Oarsoaldeko euskaltegietako ikasleek martxoan. Ikasitako euskarari hauspoa emateko eta ikasleek erabilerarako jauzia egin dezaten laguntzeko helburuz abiatu da euskaltegietan antzerkia lantzeko egitasmoa. Martxoaren 6tik 31ra gauzatuko den lehen ikastaroa proba gisa baliatu nahi dute antolatzaileek gerora egitasmo iraunkorragoa egin ote litekeen ikusteko.

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eta Pasaiako Badia Eskolak sustatu dute ekimena. Baina Oarsoaldean antzerkia eta antzerki zaletasuna sustatzeko ahaleginean dabiltzan eragileek elkarren artean koordinatuta eramango dute aurrera. Haiek dira Pasaiako Badia Eskola bera eta bailarako beste hiru herrietako antzerki eragileak, Errenteriako Antzerki Labea, Lezoko Orratx eta Oiartzungo Antzerkizaleak.

Astean behin bi orduko saioa izango dute izena ematen duten euskara ikasleek. Hautazkoa izango da, beraz, antzerki tailerrak hartzea.

Edozein eratara ere, ongi pasatzea helburu, jolaserako proposamena den honetan, bai euskararen ikaskuntzan erabilerarako jauzi sendoa egiteko eta antzerkiaren bidez beste hainbat trebetasun lantzeko aukera izango dela azpimarratu dute euskaltegietako eta antzerki taldeetako ordezkariek; motrizitatea, mugimendua, ahotsa, auto- konfiantza eta abar jorratuko dituzte ariketa errazen bitartez.

 

Eskolak honako egun, leku eta ordu hauetan izango dira:

  • - Errenteriako Udal Euskaltegian, Asteartetan, 9:30 etatik 11:30etara.
  • - Errenteriako Xenpelar AEK Euskaltegian Asteazkenetan, 9:00 etatik 11:00etara.
  • - Lezoko AEK Euskaltegian, Astelehenetan, 15:30 etatik 17:30etara.
  • - Oiartzungo Intxixu AEK Euskaltegian, Ostegunetan, 9:30 etatik 11:30etara.
  • - Pasaiako Udal Euskaltegian, Asteazkenetan, 09:30 etatik 11:30etara.
  • - Pasai Antxoko Txirrita AEK Euskaltegian, Asteartetan, 9:30 etatik 11:30etara.

 

Interesatuta zaudeten ikasleok euskaltegian bertan eman behar duzue izena otsailaren 1etik 16ra bitartean. Ikastaroa doakoa da.

 

Utzi zure erantzuna:

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa

Xede taldeak

errenteria.eus lezo.eus oarsoaldea.eus oiartzun.eus pasaia.eus